Eskuetan duzun errezeta liburu hau, beste sukaldaritza liburuen antzekoa da, bai, baina, Txorieneko jarraitzaile zaretenontzako, badakizue zerbait gehiago ere badela. Azkenean, gure saioak badu berezitasun hori, ez dugu esango sukaldea bigarren maila batean gelditzen denik, ezta gutxiago ere, baina gure gonbidatuek egiten dute berezi gure saioa. Grabaketa egunetan, gure Txorieneko platoa Euskal Herriko edozein elkarte gastronomikotako sukalde bilakatzen da, non, bi lagun aritzen diren beren kontuez solasean eguneko otordua prestatzen duten bitartean. Liburu honetako errezeta bakoitzak, gonbidatu baten aurpegia du eta, gehienetan, harekiko harremana ere bai.Txorienerako errezeta bat prestatzeko garaian, lehenengo gonbidatuarekin hitz egiten dut ea zer duen gustuko galdetzeko, ea zer probatu nahi duen esateko edota beraren ogibidearekin lotura duen errezetaren bat aukeratzeko. Tamalez, ezin izan ditut gure etxetik pasatu diren gonbidatu guztien errezetak sartu, horretarako etxez etxe garai batean saltzen ziren tomo horietako bat beharko nuke, beraz, barkamena eskatzea gelditzen zait bertan ez zaudetenoi, eta lasai, urte askorako dugu Txoriene, eta espero dut hau ez izatea gure liburu bakarra.Bukatzeko, antzinako errezeta liburuetan bezala, errezetak urtaroka sailkatuak doaz, lan egiteko modu hau nire aitari kopiatu diot, berak horrela egin zuen beste errezeta liburu handi batean, La Cocina Vasca en Bizkaia.