Martin Etxeberriak ia 20 urte daramatza poema liburuak kaleratzen, batetik bestera sei bat urteko tartea utziz, eta oraintxe aurkezten duen Winston da azkena. Poeta heldu eta ofiziodunaren aztarnak ikus litezke lan berri honetan, baina baita egilearengan ohikoak diren ezaugarriak ere: freskotasuna eta harridura sortzeko gaitasuna, besteak beste. Egunerokotasuna da Etxeberriaren poesiaren lehengaietako bat, baina kostunbrismotik ihesi, irauli egiten du errealitate hori. Surrealismo neurtu bat da beste oinarri bat, irudimena dantzan jartzen duena. Eta horiekin batera erotismoa, erreferentzia kulturalak, umorea
bizitzaren alderdi askotarikoak, begirada jolasti, zintzo eta zorrotz baten iragazkitik pasata.