Argitalpen honek, bere barneko arkitekturan aldatuz joan den arren, hartzaile nagusi bat izan du hasiera-hasieratik: guztiz gizatiarra den jarduera horretan, hizketan, eta orobat hizketak sortzen dituen testuetan, interesatuak dauden ikerlari berriak, beren espezialitatea gorabehera. Helburua ere oso argi egon da beti: oroz gain helburu didaktikoa da. Irakurle berriei lan-ildo berri bat ezagutarazi nahi zaie, gizakiok elkarrekin komunikatzeko dugun modu guztiz berezi hori, testu-ekoizpenen analisi enpirikotik abiatuta ulertzeko eta eredu teorikoen bitartez azaltzeko ahaleginean hogei urtetik gora daramatzana; hain modu berezia da, non gizakitzat ondoena definitzen gaituena baita. Lan-ildo honetaz hitz egitea Genevako Psikologiako eta Heziketako Zientzietako Fakultateko Hizkuntzen Didaktikako saila aipatzea da, eta, horrez gainera, baita munduko beste lekuetako beste zenbait lantalde ere, Euskal Herrikoak barne, zeinek humanizazioaren prozesuari buruzko oinarri epistemologikoak partekatzen baitituzte, ildo hau "elkarreragile sozio-diskurtsibo" gisa definitzen dutenak. Oraingo honetan, lan kolektibo honen argitaratzaileen asmoa, gaur egun Euskal Herrian ikuspegi honetatik euskal testuari eta haren didaktikari buruz egiten ari diren ikerketa-lanen panorama aurkeztea da, eta era berean, hainbat ikerlarik nola edo hala partekatzen dituzten eta beren ugaritasunean bateratzen dituzten oinarriak eta eredu teorikoak nahi dira eguneratu. Itziar Plazaola. Genevako Psikologiako eta Heziketako Zientzietako Fakultateko "Chargée de cours" da, eta orobat aritu da irakasle-lanetan Aostako eta Arrasateko Unibertsitateetan. Bigarren hizkuntzen didaktikako irakaslea da, eta testuen analisia landu du, euskaraz eta frantsesez. Bere ikerketa-ildoetan, pertsona helduentzako hizkuntz irakaskuntza eta irakasleen lanaren analisia daude, irakasleen prestakuntzaren azterketaz gainera. Maria Pilar Alonso. Genevako Psikologiako eta Heziketako Zientzietako Fakultateko LAF (Langage-Action-Formation) taldeko "Membre associé" da, eta talde horrekin elkarlanean, euskal testuen analisitik abiatuz, ikerketa-lan propio bat egiten du, zeina konplexutasunaren eta fraktalen ereduak testuaren antolamenduaren eta barne arkitekturaren modelizazioaren analisiari aplikatzean oinarritzen baita. Ondorengo hauen lankidetzarekin: Marian Bilbatua, Ines Garcia, Itziar Idiazabal, Luis M. Larringan, Roberto Mielgo, Matilde Sainz, Begoña Ocio eta Jean Paul Bronckart-en parte-hartzearekin.