UPV/EHUk Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Plangintza bi eraman ditu aurrera 1990etik. Hirugarrena, ekainean onartu eta 2011-12ra arte indarrean izango den Euskararen Plan Gidaria, izenean bertan ikus daitekeenez, pixka bat aldentzen da aurrekoetatik, unibertsitatea inoiz bizi izan ez duen egoera baten aurrean dagoelako: Europako Unibertsitate Eremua eraikitzeko erreforma. Erreforma horren helburu nagusia ikasketak bateratu eta elkartzea da, Europako edozein unibertsitatetan eskuratutako titulazioak homologatu ahal izateko. Hori lortzeko, graduko eta graduondoko titulazioen mapa berregituratu behar da. Prozesu hori 2010ean bukatuko zela aurreikusi zen, baina gertatutako atzerapenak ikusita, ez dirudi epeak beteko direnik.