Rodrigo Uria irakasle eta katedradunaren izeneko eskuliburua euskaratu da; zehatzago, horren hogeita bosgarren argitaraldia. Autoreak berak argitaraldi horren hitzaurrean dioen moduan, «eskuliburu honek berrogei urte bete ditu Espainiako Merkataritzako zuzenbidearen alorrean. Horretarako, beharrezkoa izan da argitaraldiz argitaraldi beraren edukia sakonean berrikustea, bai eta jurisprudentzia zein bibliografia eguneratzea ere». Hortaz, lana zeharo gaurkoturik aurkeztu da eta, bertan, xehetasunez aztertzen da enpresa eta enpresarioaren mundua, betiere, esparru horretan izandako azken eraldaketak kontuan hartuz. Bestalde ere, aurretiaz aipatu itzulpenei begira berrikuntza izan da euskarazko termino juridikoen berbategia eranstea, gaztelaniazko ordainekin batera (eta, alderantziz, gaztelaniazko terminoa, euskarazko ordainarekin). Horretara, Merkataritzako zuzenbidearen inguruko termino eta esamolde juridiko guztiak taxutu eta moldatu dira, lan horrek dakartzan zailtasun eta katramila guztiekin. Arreta berezia jarri da, berebat, euskarazko itzulpenak dituen arazo terminologiko eta teknikoetan.