Erditze kontzienteak garaiotan duen garrantzia azpimarratzen du lan honek. Alegia, erditzera doan emakumearentzat, informatuta egotea eta bizi duen egoeraz jabetzea zeinen mesedegarria izan litekeen, ez bakarrik ahalik eta erditze seguruena bizitzeko, baita erditzea esperientzia betegarria izateko ere. Fisikoki zein psikologikoki, erditze osasuntsuaren oinarriak marrazten ditu, osasuntsua bai amarentzat baita umearentzat ere, umeak helduaroan izanen duen osasuna eta izateko modua determinatzen ez dituen arren, horretan eragiten baitu erditzeko moduak. Horregatik, momentu paregabe hau amaren eta umearen beharretara egokitu behar da. Liburu hau, funtsean, erditu diren zenbait emakumeren bizipenen bilduma da. Emakumeok seguruen sentitzen garen moduan erditzeko eskubidea dugu, baina horretarako gure beharrak zein diren eta nola erditu nahi dugun jakin behar dugu aurrena. Ginekologo eta emaginen testigantzak ere agertzen dira, zer erran handia baitute honetan guztian. Bertze gauzen artean, azken urteotan erditzeak artatzeko moduan egon diren aldaketak azaltzen dituzte. Eta liburu honen hirugarren eta azken osagaia ebidentzia zientifikoa da. Modu sinplean zientziak frogatutakoaren inguruko informazioa, emakumearentzat garrantzitsua izan litekeena, laburbiltzen du.