"Gorbeialdeko Sendabelar Tradizionalak" liburuaren bitartez, gure herri-medikuntza osatzen duten sendabelarrak ezagutzeko aukera daukazue. Baserririk baserri, Gorbeialdeko bailara eta herrietan zehar, gure nagusiek gordetako ahozko tradizioa jaso eta lan honetan aurkezten dizuegu: katarroaren eta pulmonien aurka hartzen zituzten infusioak, zauriak osatzeko egiten zituzten enplastuak edota kuranderek erakutsitako erritualak. Lan hau, baina, ez da saiakera etnografiko edo etnobotanikoa bakarrik, gida praktikoa ere bada. Asko dira gaur egun sendabelarren mundura hurbiltzen direnak, gazteak batez ere, eta gehienek, internet edota fitoterapia-liburuak dituzte abiapuntutzat. Lan honek hurbilketa horretarako tresna lagungarria izan nahi du, jakituria tradizionala plazara ekarriz eta erabilgarria ere izan daitekeela erakutsiz. Baserriko bizimodu zaharrak badaukalako zer esan egungo hiri berri eta modernoetan bizi garenoi.