1973ko udazkenean jakin zen Iberduero SA enpresak Debako udalerrian zentral nuklear bat jartzeko asmoa zuela. Kostaldean jarri nahi zuen. Eskaera horrek harridura eragin zuen hasieran herritarren artean. Eta ondoren, berriz, egonezina. Herrit rrak berehala antolatu ziren, proiektuaren ezaugarrien eta ondorioen berri izateko. Gero, zentrala eraikitze ren aurka egin zuten. Herri osoa bildu zuen mugimenduak, eta inguruko eskualdeetara ere hedatu zen. Informazioa jaso eta hedatu izanari esker, eta beste dibulgazio jarduera batzuei esker, enpresak atzera egitea lortu zuten. 1970eko hamarkadan zentral nuklearrak jartzeko programa sendoa zabaldu zen Espainian zehar. Oposizio mugimenduen artean, aitzindaria izan zen Debako herria, batik bat kokalekuaren ikuspegitik. Ordurako beste azpiegitura batzuk egiten ari ziren, tartean Lemoizkoa. Bi urte inguru zeramatzaten lanek, eta ez zegoen oposizio esanguratsurik. Geroago sortu ziren aurreikusitako zentralen eta elektrizitatea sortzeko energia nuklearra erabiltzearen aurkako oposizio mugimenduak. Bide bat baino gehiago hartu zituzten mugimendu horiek. Gertaera haiek Debako herritarren gogoan geratu dira; izan ere, bizi baldintzen defentsan erantzun garrantzitsua eman zutelakoan daude. 40 urte baino gehiago igaro dira ordutik. Egileok mugimendu hura bildu, deskribatu, aztertu eta transmititu nahi izan dugu, etorkizunerako. Izan ere, informazioa hedatuz eta parte hartzeko bide baketsuak erabiliz, enpresa garrantzitsu bati eta Estatuko Administrazioari aurre egin zion mugimenduak, eta helburua lortu zuen. Gertaera haien aktore zuzenak edo oso gertukoak izan ginen, eta ikusi edo bizi genituen moduan deskribatu nahi izan ditugu, gauzak gertatu ziren moduan gera daitezen jasota.