Pandutarren eta kurutarren arteko azken guda hastear da Kurukshetra edo Betebeharraren zelaian. Odol-ahaideak eta adiskide minak, aurrez aurre, armada bakoitzaren lerroetatik begiratzen diote elkarri. Sarraski fratrizida aurreikusiz, Arjuna printzearen adorea kordokatu egiten da, zalantzak jota. Zer egin? Maisu eta gurdizain duen Krishna Jaunak bere betebeharra zein den gogoraraziko dio Arjuna zintzoari, barne-bakea eta argitasuna berreskuratzen lagunduz. Bhagavad Gitak bi adiskideen arteko elkarrizketa doia jasotzen du, non betierekoak bezain unibertsalak diren galdera handiei eran­tzuten zaien: Nor naiz ni? Nondik nator eta nora noa? Zein da nire betebeharra? Nola bizi eta jokatu zuzenki mundu honetan? Zein da nire benetako natura eta zein da nire harremana munduarekin eta Jainkoarekiko? Garai guztietako literatura erlijiosoaren maisu-lan hau indiar filosofia klasikoaren sintesi yogikoa eta bizitzarako gida praktikoa dugu aldi berean.