XIX. mende amaierako Espainiako giro intelektualaren erretratu zorrotza eta Madrilgo bizimoduaren kronika zehatza egitea dira liburu honi egotzi zaizkion dohainetako bi. Horrekin batera, egilearen beraren pentsamendua eta sentiera beste inon baino egokiago hemen adierazten direla esan ohi da. Izan ere, bere bizitzako hainbat zertzelada erabili zituen Pío Barojak eleberria taxutzean: medikuntza-ikasketak Madrilen, herri txiki bateko sendagile-lanbidea (Zestoan egon zen egiazki, nahiz eta fikzioan Mantxako herri batean kokatu), anaia baten gaixoaldia eta heriotza… Ezaugarri biografiko eta soziologikoez harago, Barojaren eleberri gorenetakoa dugu Jakintzaren arbola, idazketaren arina eta gogoeten sakona argiro lotzen dituena, gaztarotik helduarora doan bizitzako garai zalantzati eta argi-ilunez betea modu pertsonal bezain unibertsalean jasotzen duena.