Imak kalean txakur abandonatu bat aurkitu, eta etxera ekarri du. Gurasoek txakurra ikustean garrasi egin dute asaldatuta, txakur bat etxera sartzea ez baita txantxetako kontua. Txakur bat etxera ekartzean, etxeko bihurtzen da, eta horrek erantzukizuna esan nahi du: txakurra zaindu egin behar da, bere beharrak ase, eta dagokion errespetuarekin tratatu. Horregatik, hasieran tirabira sortuko da gurasoen eta Imaren artean. Neskatilak txakur bat izatearen abantailak besterik ez baititu ikusten; gurasoek, berriz, lana besterik ez. Baina Ton, txakur guztiek bezala, maitasun handia emango die etxeko guztiei, eta maitasunak maitasunari dei egiten dionez, azkenean etxeko bihurtuko da. Bistakoa da Fina Caselderrey idazle galiziarrak oso gogoko dituela txakurrak, eta istorio dotore eta eder honen bidez txakurrak gure lagunik onenak izan daitezkeela erakusten digu, eta, aldi berean, txakurrekiko errespetua eta begirunea eskatzen du. Mikel Valverde marrazkilariak lan aparta egin du ipuin honetan, batez ere Ton txakurraren sentimenduak azalduz eta girotuz. Testuaren eta marrazkiaren arteko uztarketa bikaina lortu du.