Bertsoak maite zituen poeta handia genuen Juan Mari Lekuona (1927-2005) eta bere burua maiz bertsogile gisa aurkeztu zuen. Bertsoak deituriko liburu honek herri poesiaren alorrean eman zuena batu du, bere eskuizkribu argitaragabe bi jarraituz. Nere olerki eta kantak deituriko koadernoan bere garaian idatzitako olerki, kanta eta bertsoak bildu zituen txukun eta garbi. Egutegia 1999 izenburuan duen agendak, aldiz, bertso kopuru handia idatziz joan zen, testuak ezabatuz, azken bertsioa ontzat eman arte. Juan Mari Lekuonak alderik pertsonalena erakusten du bilduman. Adiskidez beterik daude orriok. Ospakizunetarako egindako bertsoak dira gehienak, egun seinalatuetan kantatutakoak. Poetaren bertso zaletasunaren irudia dakar liburu honek.