Gineatik Zestoara ekarri zuten Pepe, loro sinpatikoa, eta ez zuen gehiago herri honetatik alde egin nahi izan. Hementxe bizi izan zen zoriontsu, gehienbat tren geltokian. Balneariora zetorren handizki jendea handik pasatzen zen, baina haiek bezalaxe maite zuen Pepek herriko jende xehea. Okerrena etorri zen trenak abiatzeko txilibitua jotzen ikasi zuenean… Ez zuen ba egun batean txilibitua jo, behar ez zenean, eta ia-ia istripu larri bat eragin! Estu eta larri hartu zuten hegaztia, baina onik atera zen epaitegitik eta abesti bat ere sortu zuten loroaren balentriak goraipatuz.