Zer dute komunean Sabino Arana abertzaleak, Zita austro-hungariar enperatrizak, Ramón Menéndez Pidal espainiar akademikoak, Jesus Guridi musikariak, Hugo Schuchardt linguistak, Pio Baroja idazleak eta Federiko Krutwig euskaltzainak? Guztiek ezagutu eta tratatu zutela liburu honetako protagonista: Resurreccion Maria Azkue (1864-1951). Azkue, topikoak dioenaz bestera, ez zen izan euskal baserri mundutxoan isolatuta bizi zen folklore biltzaile iluna. Euskal Herriko bizitza sozial, politiko eta kulturalean bete-betean parte hartu zuen, eta Europarekin harreman zuzenak izan zituen. Liburu honetan Azkueren bizi-ibilbide ezezaguna kontatzen da. Bere haurtzaroa eta gaztaroa, militantzia politikoak, musikari garaiak, nazioarteko bidaiak, Euskaltzaindia sortzeko borrokak eta frankismopeko azken urteak. Hori guztia Bilboko eta Euskal Herriko historiaren testuinguruan eta Miguel de Unamunorekin kontrastean. Azkueren helburua izan baitzen Euskal Herria astintzen zuen modernitateari erantzutea, eta Bilbotik abiatuz euskaldunei beren hizkuntzaren eta beren patuaren jabe izateko tresnak eskueran jartzea.