Philip Larkin-ek aipatu zuen poema on bat tipula baten modukoa dela. Kanpotik begiratuta, biak dira erakargarriro leun eta kitzikagarri, eta gero eta leunago eta kitzikagarriago bihurtzen dira ondoz ondoko esanahi-geruzak erantzi ahala. Zientziaren poesia, nolabait, haren ekuazio bikainetan gorderik dago, eta, liburu honetako saiakerek frogatzen dutenez, ekuazio horiek ere tipulak bezala zuritu daitezke. Ekuazioen edertasuna, jakina, poemena ez bezalakoa da, baina hura ere barrendu daiteke geruzaz geruza. Ekuazio bikainak, hala, poesia bezain pizgarri dira irudimen prestatu batentzat, eta badute beste ezaugarri bat ere: haien edertasunaren baliagarritasuna. Esperimentu adierazgarri guztien emaitzekin bat etorri behar dute, eta, are gehiago, iragarpen batzuk egin, ordura arte inork egin ez dituenak. Dirac-ek esana: Ni baino azkarragoa da nire ekuazioa.