Esku artean duzun liburua Tolstoiren Zer da artea? saiakeraren hautaketa bat da. Gerra eta bakea eta Ana Karenina eleberriengatik ezaguna den idazleak bere bi obra horiek gaitzesten ditu saiakera honetan, arte faltsua direlakoan. Bi horiek bakarrik ez, baita Dante, Shakespeare, Goethe, Beethoven edota Baudelaire bezalako egile klasikoen lanak ere. Tolstoiren ustez, artea sentimendu baten transmisioa da, eta gizakien senidetasuna behar luke helburu. Hautaketaren ondotik, solasaldi bat dago. Honetan, Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok eta Andoni Egañak parte hartu dute, eta Tolstoiren testuaz eta testuko gogoetez hitz egiten dute, arteaz, gaurko egoeraren argitan beti ere. "Artelan bat poetikoa, imitaziozkoa, harrigarria edo atsegingarria izan daiteke, baina aipatu ezaugarrietako bakar batek ere ezin du artearen ezaugarri nagusia ordezkatu: artistak bizi izandako sentimendua. Azken garaiotan, goiko klaseen artean, artelantzat jotzen diren sortze-lan gehienak artearen imitazioa baino ez dira, ez dute oinarritzat artearen ezaugarri nagusia: artistak bizi izandako sentimendua". "Hortaz, artea zerbait garrantzitsua bada, erlijioa bezain beharrezkoa den ondasun espiritual bat (artearen miresleei esatea gustatzen zaien bezala), mundu guztiarentzat eskuragarria behar du izan. Eta ez bada guztiengana heltzen, bitako bat: edo artea ez da nahi bezain garrantzitsua edota artetzat hartzen dugun hori ez da hain garrantzitsua". "Artelan bikainak denentzat ulergarri eta eskura errazak diren neurrian dira bikainak. Beraz, arteak hunkitzen ez bagaitu, ezin daiteke esan horren zergatia ikuslearen edo entzulearen ulertu ezina denik; soilik ondorioztatu ahalko eta beharko genuke arte hori edo txarra dela edo ez dela artea inondik ere". "...olerkari horiek [Baudelaire eta Verlaine] bizi diren gizartearen artea ez da bizitzaren adierazpen serio eta garrantzitsua, denbora-pasa baino. Eta denbora-pasa oro aspergarri bihurtzen da azkenean, behin eta berriz errepikatzearen poderioz. Denbora-pasa aspergarria berriro jasangarri egiteko, nolabait berritu beharra dago. Arazoaren mamia berbera da, formak aldatzen dira. Artean ere hala gertatzen da: haren edukia, gero eta mugatuagoa bihurtzen dena, puntu batera iristen da non, klase hautatu horretako artistek irudipena duten jada dena esanda dagoela eta ezinezkoa dela ezer berririk esatea. Hortik dator artea berritzeko forma berriak bilatzeko joera". "...ezin da obra bat esplikatu; hortaz, gehiengoak artelan onak ulertzen ez dituela diotenek ez dute inolako azalpenik ematen, eta ulertzeko, obra berberak behin eta berriz irakurri, ikusi eta entzun egin behar direla diote. Baina horri ez deritzo azalpenak ematea, ohitzea baizik. Eta edozertara ohitu daiteke bat, baita txarrenera ere".