Heriotza bukaera dela pentsatzea zaila da eta ez dira falta horretarako arrazoiak; nekez onartzen da, eta ez da erraz irudikatzen nola igarotzen den izatetik ez izatera. Hilen bilakaerak bizien gogoa arduratu eta arduratzen du, eta maiz igartzen da haien itzala jendeen kontuetan. Modu berezi batez mitologian, hemengoan eta besteetan. Kondairak ez dira baitezpada mintzo heriotzaren aurrean sentitzen den minaz, bai berriz munduan alderrai dabiltzan arima herratuez eta haien agerpenez, laguntza eske edo erasoan datozenean zer komeni den egitea adieraziz eta erakatsiz.